2014 Kronika – Bilbao

Larunbat honetan, mundu osoan Scratch Day ospatu egin da eta era berean Euskadin Scratch Eguna-ren laugarren edizioa ospatu dugu.

Bilboko egoitzan, Alhondegian, 7 ikastetxeetako 14 talde elkartu dira azken hilabeteetan sortutako proiektuak aurkezteko. Guztira, 5 eta 6. mailako ia ehun pertsona aritu dira euren lan onak aurkezten eta oso giro alaian goiza igaro dugu.

14 talde horiek gai desberdinak ikutu dituzte euren lanaren hari nagusi bezala eta horren inguruan sortu behar izan dituzte animazioa, bideojolasa eta instalazio erreal bat. Harrigarria da ikustea zer nolako programazio maila hartzen ari diren, urtero hobetzen baitira aurkeztutako lanak.

Hasierako urduritasunak baztertu ondoren burubelarri aritu dira euren mahaiak prestatzen eta atontzen. Sarritan gertatzen da kotxez eramandako gailuak apurtzea edo gutxienez desajustatzea eta behin mahaian kokatu ezkero ezin martxan jartzea… Gurasoak bitartean, Pablo Garaizarrekin tailer batean Scratch ikasten aritu dira, gela osorik bete da eta oso adi jarraitu dituzte Pablok emandako jarraibideak. Honela gurasook ere, euren seme-alaben lanak ondo baloratzeko tresna izan dute, eurek ikasitakoarekin konparatuta itzelekoak direlako ikasleek sortutako programazioak.

Behin tailerra bukatuta Azoka bera hasi da. Urdanetako Pablo Bloguerasek mikroa hartu du eta mahaiz mahai pasatzen hasi da lan bakoitzaren berri ematen. Ikasleek euren proiektuak aurkeztu ahal izan dituzte eta publiko guztiaren aurrean ondo azaldu dute euren buruak, a zer nolako urduritasunak! Bitartean partehartzaileek mahaiz mahai pasatzen ibili dira besteen lanak ikusi eta baloratzeko, Arduino, Makey-Makey, Kinect… Denetatik ikusi dugu!

Bestetik Camp Tecnologico-koek eta Bilbo-Makers-ekoek euren stand-ak montatu dituzte, eta euren ekintzak aukezten ibili dira. Oso arrakastatsuak izan dira ekarritako gailuak: droiak hegan ikusi ditugu Alhondegiatik, 3D-dun inpresorak ikusi ditugu eskuz ikutzeko moduko Scratch katuak inprimatzen, Occulus Riff betaurrekoekin espazio zabaletik hegaka aritu gara… hau da marka hau!

Bukatzeko, zozketak egin dira. Pila bat opari banatu dira zorte handia izan dutenei, besteok, aldiz, esperientzia bikainez eta lagun berriez bete ditugu gure poltsikoak eta pozarren etxera joan gara, hurrengoan izango da!

Ez ditut lerro hauek bukatu nahi jai hau posible egin duten guztiak txalotu barik. Pertsona asko daude jardunaldi honen atzean, baina bereziki eskertu behar da bereziki Alhondegiak jartzen dituen baliabide guztiak, eta beste zenbait entrepresa edo erakundeek ere. Eskertzekoa da Urdanetako Batxilerreko ikasleen laguntza. Taldeak lagundu dituzte eta euren beharrak asetzen saiatu dira uneoro. Euren aportaziorik gabe jardunaldi osoa ezinezkoa izango litzateke.

Scratch Eguna proiektuaren atzean zenbait irakasle eta pertsona urtean zehar batzartzen dihardute, baina beti daude proiektuari arima berezia ematen dioten horiek. Irakasleak ere oso lan txalogarria egin dute. Kasu batzuetan euren ikastetxeen laguntza osoarekin baina, tamalez, beste batzuetan zailtasun handiak gainditu behar dituzte Scratch Talde bat behar bezala bideratzeko. Eskerrik asko irakasle eta bideratzaile guztioi!

Baina, azkenik, ez ditugu ahaztu behar proiektu honen protagonista nagusiak: ikasleak. Euren poztasuna, sormena, gogoa, ikasteko grina eta jarduera berriei aure egiteko ausardia bene-benetan eskertu behar ditugu. Eurek sortutako gailu baten funtzionamendua azaltzerakoan jartzen dituzten aurpegiak, merezi dute gure aldetik egindako lan guztia.

Eskerrik asko, bihotzez, eta ekin scratcheatzen!

Leave a Reply